Iruñeko zirkulazio ordenantza berriak bizikletaren erabilerari jartzen dizkion oztopoak salatu nahi ditu Ekologistak Martxan-ek. Ekologistak Martxan-ek dei egin die Iruñeko Udaleko oposizio taldeei murrizketa horiek babes ez ditzaten.

Mugikortasun iraunkorra. Kontzeptu horren helburua bada errepideetako ibilgailu kopurua gutxitzea eta kutsadura atmosferikoa zein akustikoa gutxitzea, Iruñeko Udalak helburu horren kontra joko du zirkulazio ordenantza berriarekin. Izan ere, ez da posible mugikortasun iraunkorraren izenean automobil pribatuaren alternatiba izan daitekeen garraiobideari oztopoak paratzea.

Ordenantza berriak debekatuko du bizikletak espaloitik joan ahal izatea (propio seinalizatzen dituztenetan izan ezik). Ekologistak Martxanen ustez, bizikletari debekuak jartzea ez da modurik onena bere erabilera sustatzeko. Egia da oinezkoa babestu behar dela, eta lehentasunak eta erraztasunak eman behar zaizkiola; baina oinezkoak ulertu behar du automobila dela, eta ez bizikleta, bere aurkari hilgarria. Horren harira, Ekologistak Martxanek gogorarazi nahi du automobila dela, eta ez bizikleta, hiri honetan harrapaketa larri guztiak egiten dituena; Ekologistak Martxanek gogorarazi nahi du urtero oinezko bat baino gehiago hiltzen dela Iruñean automobil batek zebra bide batean harrapatuta.

Logikak erraten du, bai, ibilgailu gurpildunek errepidetik ibili behar dutela. Baina, gaurko egunean, hori egitea ezinezkoa zaie bizikletei Iruñean. Automobilen arriskuak eta oldarkotasunak espaloitik ibiltzera behartzen dituzte bizikletak, bizikleta bideak gutxi baitira eta gehienetan ez baitira funtzionalak. Hala, errepidetik mugitzen diren ziklisten segurtasuna ziurtatzen ez den bitartean, ezin da debekatu bizikletak espaloitik ibiltzea. Beraz, Ekologistak Martxanek dei egiten die Iruñeko Udaleko oposizio taldeei halako neurri murriztaileak babes ez ditzaten.

Bizikleta alternatiba ona da automobil pribatuaren erabilera irrazionalaren aitzinean. Baina badirudi Iruñeko Udala ez dagoela bide horretan. Bizikleta bideen sarea eraikitzen ari da, baina bide horietako asko ez dira batere erabiliko, gaizki diseinaturik baitaude. Konparazio batera:

Nafarroako etorbidean, bizikleta bidetik doan ziklista ginkana moduko bat egitera behartzen dute (semaforodun bidegurutzeak zeharkatuz), automobilek egiten duten lerro zuzeneko bidea egin ordez (biribilguneak zeharkatuz).

Noranzko bikoitzeko bizikleta bideak egin dituzte, automobilen noranzko bakar bateko bideen ondoan. Hala, automobilen noranzkoaren kontra doan ziklistak oso zaila du ibilbide logikoa egitea (biderik zuzenena egitea, alegia). Ekologistak Martxanen ustez, bizikleta bideek zirkulazioaren nornazkoari segitu behar diote (hau, da errepideen bi aldeetan egin behar dira), eta inori lekua kentzekotan, automobilari kendu behar diote, eta ez oinezkoari.