Greba orokorra

Artikulu honen bertsio guztiak: [Català] [Castellano] [Euskara] [Galego]

Ekologistak Martxanek bat egin du martxoaren 29rako deituriko greba orokorrarekin, eta mobilizazio sozialera deitu du.

Ekologistak Martxanen ustez, deialdiak nahikoa arrazoi ditu, onartzen eta aplikatzen ari diren krisiaren kontrako neurriek (lan baldintza eta eskubideen muturreko debaluazioa, murrizketa sozialak, bankuei laguntzak, ingurumen araudiaren debaluazioa eta abar) bidegabeko aberastasun eskualdatze ildoan jarraitzen dutelako, klase herrikoienengandik aberatsenengana, gizarte eta genero desberdintasun are sakonagoak eraginda eta ingurumena ekonomiarik suntsitzaileenaren zerbitzura jarrita.

Egoera honen larritasunaren aurrean, erakunde ekologistak uste du neurri hauek ez dutela gure arazoa konpontzen. Krisiaren faktore nagusia hainbat zor erraldoi dira, bai publikoak, bai, batik bat, pribatuak. Ezin da munduan dagoen zorra ordaindu, ez baitago ordainketari eutsiko dion oinarri naturalik. Gainera, aurrekaririk gabeko ingurumen krisi egoeran suizidioa da planetako baliabide naturalak ustiatzen jarraitzea, zor horiek ordaintzen saiatzeko hazkundeari eusteko. Zer zentzu dauka, testuinguru honetan, Euskal Herrian pairatzen den azpiegitura handiko politiketan xahutzeak?

Greba honek jomuga duen lan erreformak jauzi kualitatiboa dakar, hainbat arrazoi dela eta. Batetik, askoz ere presio gaitasun handiagoa ematen dio enpresariari negoziazio kolektiboan, enpresa-hitzarmenen edo “ultrajardueraren” bukaeraren nagusitasunari buruzko araudi aldaketen bidez. Bestetik, kaleratze masiboak merkatuz errazten dira, gutxieneko baldintzak ezarrita kaleratzea legezkoa izateko, EEEen malgutasuna. Hirugarrenik, erreformak sektore publikora daramatza neurri hauek (oposaketa duten langileengana). Kontratazio modurik prekarioenei ere eutsi egiten zaie, esaterako, ikaskuntza kontratuari. Eta zaildu egiten da, pizgarriak kenduta, emakumeak berriz hastea lanean amatasun baimenaren ostean. Gainera, gaitasun handiagoa ematen zaie ABLEei enplegu agentzia moduan, EINren ezkutuko pribatizazioa dena.

Aldi berean, subiranotasun lagapen oso larriak gertatzen ari dira, EBren Itun Fiskalak dakarrena, kasu. Itun honek gizarte eta lan eskubideen murrizketa gogorra dakar, Estatuak gizarte gastuak eta soldatak murriztera behartzen baititu, eta egungo krisia sortu duten eta are krisi latzagoa sortuko duten bidegabeko politika ekonomiko neoliberalak sakontzen ditu. Orain arte, EAE eta Nafarroan egindako gizarte gastuaren murrizketek 2005eko mailetaraino murriztu dituzte hezkuntza, osasun eta gizarte-zerbitzuetarako aurrekontuak. Gizarte prestazioen murrizketek 200.000 lagun baino gehiago utzi dituzte Hego Euskal Herrian Diru-sarreren Bermerako Errentarik gabe EAEn, eta Oinarrizko Errentarik gabe Nafarroan.

Ekologistak Martxanek deialdi hau baliatu nahi du ingurumenarekiko etengabeko gehiegikeriak eta dagoeneko iragarritako ingurumen legeriaren kontrako murrizketak salatzeko. Erakunde ekologistak jasangarritasuneranzko politikak exijitzen ditu, ingurumen eta gizartearekin lotutakoak merezi duen tokia izan dezan ekonomikoaren aurrean, eta ildo honetatik, aukera berdintasunerako eta lana eta bizitza pertsonala adiskidetzeko politikak eskatzen ditu, ekoizpen eta ugalketa lanen bidezko banaketa berma dadin. Gainera, estrategia hau da krisitik ateratzeko daukagun modu iraunkor eta bidezko bakarra.

Arrazoi hauek guztiak direla eta, Ekologistak Martxanek martxoaren 29ko greba orokorrera deitzen du, egungo sistema giza beharren asebetetzean oinarrituriko bestelako bat bilakatzeko pauso moduan, planetarekin bakean eta ez gero eta mundu bidegabe eta jasangaitzagoan.

Erantsita Manifestu ekologista bidaltzen dizuegu Martxoaren 29ko greba orokorarekin bat egiteko. Sinadura eman ingurune eta gizarte eskubideen alde eta mobilizazio soziala bultzatzeko.




Visitantes conectados: 205