Paris, herritarrei entzungor egiten dien akordio desengainagarria

Artikulu honen bertsio guztiak: [Català] [Castellano] [Euskara] [Galego]

Acuerdo de París

Ecologistas en Acciónen iritziz, Pariseko klimaren goi-bileran gaur hitzartutako akordioa, desengainagarria izateaz aparte, ez da nahikoa. Izan ere, batetik, ez ditu jasotzen berokuntza globalaren aurka eragikortasunez borrokatzeko beharrezkoak diren tresnak eta, bestetik, entzungor egiten die klima-aldaketari dagoeneko aurre egiten dioten herritarren borrokei.

Galdu egin da gure eredu-aldaketa indartzeko eta nazioartekotzeko aukera: energia berriztagarrietan oinarrituko dena, baliabide fosilen % 80 lur azpian utziko duena, erauzketen industria geldiaraziko duen eta planetaren mugetara egokituko dena. Horren ordez, sendotu egin da klima eta "konponbide faltsuak" merkantilizatzearen aldeko apustua.

Justizia klimatikoa, deskarbonizazioa, finantziazio egokia, giza eskubideak, genero-ikuspegia, errefuxiatu klimatikoak... Asko dira behin betiko testutik kanpo geratu diren funtsezko alderdiak.

Gainera, lege-indarrik apalena duen formularen alde egin da, akordioaren alde, alegia. Hartara, emaitzaz sortu den testua lausoa eta irekia da: negutegi-efektuko gasen isurketa murrizteko konpromisoak ez dira lotesleak. Arriskutsua da hori, konpromisoak beranduegi berrikusiko direlako, hain zuzen ere, 1,5 graduko muga gainditzera behartuko lukeen negutegi-efektuko gas kantitatea isurita izango dugunean.

Gure ekonomien deskarbonizazioa, funtsezko xedea dena, erreferentzia lauso bilakatu da, isurketen gailurrera "ahalik eta lasterren" heltzeko eta "negutegi-efektuko gasen isurketa antropogenikoen eta iturrien eta hobien arteko oreka" lortzeko premiaren aipamen hutsa. Hau da, konpromisoak betetzea isurketen konpentsazioaren esku uzten da, ez ekoizteko eta kontsumitzeko moduak aldatzearen eta murrizketa esanguratsuak lortzearen esku.

Testuan ez dira jaso aire eta itsas garraioak eragindako isurketak, isurketen kalkuluetan kontabilitate-trikimailuak baliatu ahal izatea ahalbidetu da eta babesik gabe geratu dira erregai fosiletan inbertsiorik ez egiteko edo fracking-aren eta harea bituminosoen erabilera geldiarazteko borrokak.

Gainera, aurreko akordioetan klima merkantilizatzeko sartu ziren mekanismoei eusten die akordio honek ere, karbono-merkatuak, kasu. Merkatuok espekulazioa eta taloien politika sustatzen dute, eta negutegi-efektuko gasak murriztearen aldeko benetako ahaleginak baztertzen dituzte.

Era berean, ez dago finantziazioa bermatuko duen mekanismorik. Herrialderik ahulenak konpromisoetara egokitzeko funtsak goi-bileraren erabaki batean esleituko dira, ez akordio loteslean, eta horrek zabalik uzten du erabakietan atzera egiteko aukera. Finantziazio horren zati handi bat aipatutako konponbide faltsuak bultzatzeko erabili ahal izango da, esaterako, geoingeniaritza edo karbonoa atzitzea eta gordetzea, eta hori traba handia da energia berriztagarrien garapenerako.

Elementurik interesgarrienak hitzaurrean baino ez dira ageri, hau da, lege-indarrik ez duen adierazpen-atalean. Adibidez, bertan aipatzen dira isurketak "murrizteko ahalegin askoz ere handiagoak". Hori dela-eta, asmoen adierazpenaren kutsu handiagoa du akordioak, klima-aldaketaren erronkaren mailako testuarena baino; kontraesan nabarmena da hori, klimari buruzko negoziazioen abiaburuarekin eta Nazio Batuen euren zentzuarekin alderatuta.

Baliabideak xahutzen dituen, egungo egoerara ekarri gaituen eta ingurumen-kolapsora garamatzan eredu horrexen alde egin dute munduko agintariek Parisen. Berriro ere, argi geratu da herritar askok jakin badakitela zein den jarraitu beharreko bidea; haatik, ahots horiei entzungor egiten zaie negoziazio-esparru horietan, behin eta berriz, eta horrek azaleratu egiten du esparruok ez dutela beharrezkoa den adinako lidergorik, XXI. mendearen erronkarik handienari aurre egin ahal izateko.

Alabaina, klima-aldaketaren borrokaren baitan, ez da burumakur egoteko edo ezkortasunak jota gelditzeko unea. Ecologistas en Acciónentzat, beharrezkoak diren neurriak hartzeko presioa egiten jarraitu beharra erakusten du Parisen gertatutakoak, oraingoz, hiru gradu baino gehiagoko tenperatura-igoerara kondenatuko gaituen akordioak, alegia. Era berean, berokuntza globalaren aurrean, herritarrek bultzatu duten ahalduntze-lanaren eta milaka borroken garrantzia ere azpimarratu nahi du Ecologistas en Acciónek, tartean, TTIPren aurkakoa, fracking-aren kontrakoa edo energia nuklearra desagerraraztekoa.

Leiho bat itxi da, baina inoiz baino irekiago dago herritarren, kalearen eta eguneroko borroken atea. Agroekologia, elikadura-burujabetza, mugikortasun iraunkorra eta erregai fosilen desinbertsioa bezalako esperientziek agerian utziko dute agintari politikoen anbizio-falta. Ekoizpen- eta kontsumo-ereduan berebiziko aldaketa baten bidez baino ez da lortuko berokuntza globala modu eraginkorrean apaltzea.


2017-ko iraila :

2017-ko abuztua | 2017-ko urria



Visitantes conectados: 513