• Ecologistas en Acción-ek ‘Lindano, ondare toxiko baten orainaldia’ txostena aurkeztu du HCH-lindano pestizida 2017an eta 2018an ia arro hidrografiko guztietan oraindik aurki zitekeen egiaztatu du ikerketak, eta, jarduketarik eta neurririk ez direnez eman, litekeena da gaur egun ere egotea.
  • Honako paradoxa hau ematen da: giza kontsumorako uraren kalitateari buruzko arauak ez direla azaleko uren ingurumen-kalitateari buruzko eskakizunak bezain zorrotzak.
  • Kutsatutako lurzoruen inguruetan dauden zuhaitz-egurrean HCH-lindano kontzentrazio handiak aurkitu diren berri eman du txostenak.

Hexakloroziklohexanoa (HCH), komertzialki ‘lindano’ bezala ezagutzen dena, substantzia organokloratu bat da, nekazaritza- eta osasun-pestizida gisa erabiltzen dena. Lindanoak duen toxikotasuna dela eta, EBk 2008an debekatu zuen. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) gizakiengan minbizia sortzen duela uste du. Gainera, toxiko iraunkorra (biodegradazio motelekoa) da, baita oso lurrunkorra eta biometatzailea (elikadura-kateetan pilatzen baita) ere.

Espainiako estatuan dagoeneko fabrikatu ez arren, ingurumenean, lurzoruetan eta ibaietan dago oraindik, pestizida gisa erabiltzen delako eta bere fabrikazioaren hondakinen kontrolik gabeko isurketek kutsatu dituzten lurzoruak existitzen direlako. Galizia (O Porriño), Aragoi (Sabiñanigo) eta Euskal Herria (Behe Nerbioi-Ibaizabal arroa eta Vitoria-Gasteizko Gardelegi), besteak beste, nabarmentzen dira.

Ecologistas en Acción erakundeak hainbat urte daramatza kutsadura egoera hau aztertzen eta bere iraunkortasuna salatzen. Orain, ibaien kutsadurari buruzko ‘Lindano, ondare toxiko baten orainaldia’ izeneko txostena egin du. Ikerketa honek Ecologistas en Accion-ek 2017an aurkeztutako ‘Lindanoaren fabrikazioa eta erabilera. Pozoitze iraunkor eta isilaren kronika’ txostenari jarraipena ematen dio.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Uraren Euskal Agentziak (URAk) emandako datuetan oinarrituta dago ikerlana. 2017 eta 2018ari dagozkien datuak (azken hiruhilekoan izan ezik) jaso ondoren, substantzia arriskutsu iraunkor hori ia arro hidrografiko guztietan dagoela berretsi dezake erakundeak.

Zenbaitetan, erregistratutako mailak gainazaleko uren ingurumen-kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen mugak gainditzen dituzte; izan ere, gainditze hauek Guadalquivir ibaiaren arroan eta Kantauri Ekialdean (bi urteetan) eta Dueron eta Seguran (2018an) hauteman dira.

Txostenak, halaber, kutsatutako lurzoruen inguruan dauden zuhaitzen zurean HCH-lindano kontzentrazio handiak daudela azpimarratzen du. Kasu honetan, laginak eta analisiak Ekologistak Martxan taldeak eta Ecologistas en Accion erakundeak egin zituzten, 2019an, Huescako (Sabiñanigoko) eta Bizkaiko (Enekuri eta Jatako) zabortegietatik gertu.

Giza kontsumorako urei buruzko Europako eta Espainiako araudiak ezarritako HCH-lindanoaren balioak gainazaleko uren ingurumen-kalitaterako ezarritakoak baino 2,5 aldiz handiagoak dira. Horrek izugarrizko kontraesana eta paradoxa dela nabarmendu Ecologistas en Accionek.

Horregatik, erakunde ekologista premiazkoa iruditzen zaion egokitzapen legegilea lortzen arituko da. Izan ere, kontsumorako uren kalitateari buruzko Europako zuzentarauak berrikusteko prozesuan (2018ko martxoan) alegazioak aurkeztu zituen, eta 2020ko urtarrilean, ekimen bana aurkeztu zitzaien Espainiako Parlamentuko taldeei eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioari. Orain, legedia aldatzeko eta muga-balio horiek parekatzeko beharra azpimarratu du. “Giza kontsumorako uraren kalitatearekin beste helburu batzuetarako (ureztatzeko, bainatzeko, animalien kontsumorako…) erabiltzen den urarekin bezain zorrotza izan behar da», adierazi du erakundeak.

Ecologistas en Accionek HCH-lindano kutsadura kontrolatu eta konpondu ahal izateko beste neurri batzuk hartzea ere eskatu du; hala nola, analisi-arauak bateratzea eta hondakin horiek kutsatutako lurzoruak bilatzea esku-hartzeko. «Lindano-hondakinen ondare toxikoa lehenbailehen desagerrarazi egin behar da. Horretarako, biltegi kontrolatuak eta kontrolik gabeak detektatzeko ez ezik, lurzoruak eta urak birgaitzeko eta deskontaminatzeko neurriak ere ezarri behar dira», adierazi du Javier Vazquezek, txostenaren koordinatzaileak.

Ecologistas en Accion konfederazioak zein federazioek txosten hau, baita esku hartzeko eskaerak ere, bidaliko diete bai Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, bai kutsadura-fokuek gehien eragiten dieten erkidegoetako gobernuei, hau da, Aragoi, Euskadi, Galizia eta Kataluniako gobernuei. Halaber, lurrazaleko uretan HCH-lindano oraindik detektatzen den konfederazio hidrografiko guztietara bidaliko da.