Ecologistas en Acciónek Txernobyleko istripua (Ukraina, 1986ko apirilaren 26a) gogora ekarri nahi du “Desentxufatu energia nuklearra” kanpainaren bitartez. Kanpainan gizarte-erakundeek nahiz erakunde ekologistek hartzen dute parte, bai eta % 100ean berriztagarria den energia merkaturatzen duten enpresek ere. Energia nuklearra erabiltzeari uztea da bere xedea, eta horretarako, jatorri nuklearra duen energiarik ez erabiltzeko deia egin nahi zaie kontsumitzaileei.

Txernobyleko istripuak agerian utzi zuen norainoko arriskua duen zentral nuklearrak martxan izateak. Gainera, balizko istripu batek mugak gaindi ditzakeela eta efektuak hainbat herrialdetara zabal daitezkeela frogatu zuen. Hain zuzen ere, laino erradiaktiboak Europa gehiena zeharkatu zuen; Ukrainaz aparte, Bielorrusiari eta Errusiari eragin zien, nagusiki. Erradiazioaren biktimen kopurua 200.000 ingurukoa izan zen, Errusiako Zientzien Akademiaren arabera, bereziki “likidadore” deitutakoen artean. Zentralean sortu zen arrisku-egoera areagotu egin zen, istripuaren ondoren presaka eraiki zen sarkofagoa ez zegoelako behar zen moduan; izan ere, 2014 eta 2015 urteetan zati batzuk behera etorri ziren. Erreaktorearen nukleoa urtuta dagoela-eta, ezin da eraitsi, eta beste sarkofago kolosal bat instalatu du Frantziako Areva konpainiak. Enpresak, gainera, etekina aterako dio hondamendiari.

Etorkizunean Txernobyleko edo Fukushimako istripuen modukoak saihesteko modu bakarra zentral nuklearrak ixten joatea da, lehenbailehen hasita. Horretarako, itxiera hori gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea proposatu nahi diegu herritarrei, energia nuklearretik “desentxufatzea”, alegia.

Kanpaina honek zera proposatzen du: erabiltzaileek etxeko kontsumoa murriztea ahalbidetuko duten neurriak hartzea. Neurri errazak dira, aurreztera eta eraginkortasun energetikoa areagotzera bideratuak, adibidez, etxebizitzen isolamendua hobetzea, leihoetan beira bikoitzak jartzea, ahal den guztietan argi naturala erabiltzea eta argiztatzeko LED bonbillak sartzea, etxetresna elektriko zaharrak matxuratu ahala, etxetresna efizienteak instalatuz joatea eta, azkenik, eta, oro har, kontsumo-aztura apalak hartzea.

Neurri horiek hartzeaz gain, elektrizitatea merkaturatzen duten ohiko konpainietatik jatorri berriztagarri ziurtatuko energia saltzen dutenetara igarotzea proposatzen da.