Ekologistak Martxan-ek ontzat jotzen du Gipuzkoako atez ateko sistema

Artikulu honen bertsio guztiak: [Castellano] [Euskara]

1. Ez da iparra galdu behar

Garrantzirik gabeko kontuetan galtzen gara askotan eta oinarrizkoena ahazten dugu: baliabide mugatutako mundu batean bizi gara. Gaur egungo ingurugiroaren egoeran kokatu behar da zaborren arazoa, iruzurrik egin gabe. Zientziak argi eta garbi azaldu du gure zibilizazioak sortu duen ingurugiro krisia eta aurrean dituen mugak. Eta arduratsua den politika batek hondamendira garamatzan dinamika hau ekidin behar du. Hau da, hondakinen politika bat egiteaz gain, ingurugiro arazo orokorrei aurre egin behar diegu.

Zaborren arazoan gure gizartea eta ingurugiroaren arteko urruntze bat eman da, eta banaketa hau azken urteetan areagotu da, kontsumismoa indartu delako, eta ez delako hondakinen gutxitzea bultzatzeko inongo neurririk hartu. Hiri hondakinen arazoa hodi bukaerako arazo bat bezala hartu izan da beti, arazoa ez da orain sortu, bizi dugun egoera urtetan egindako kudeaketa txarraren ondorioz sortu da. Kudeaketa honek kutsatzeko eskubidearen ideia patologikoan oinarritu da batetik eta iruzurra onartu du: baliabide naturalak izatez publikoak diren arren pribatizatu egiten dira, eta hondakinak ordea, jatorri pribatua izan arren publikoak bihurtzen dira. Irizpide hauetan oinarritzen den sistema jasanezina bihurtzen da, eta egoera kritikoetara heltzen da beti.

Hondakinen kudeaketa Europako Hondakinen Zuzentarauan (2008/98/CE) oinarritu behar da, eta zuzentarau honek hainbat lehentasun zehaztu eta betetzera behartzen du: lehenengo eta behin sortutako hondakinen kopurua gutxitu behar da, gero berrerabilpena lehenetsi behar da, eta honen ostean birziklajea bultzatu. Azken aukerak errausketa eta zabortegiak lirateke. Arau honek hondakin organikoak banatuta biltzera behartzen du ere. Beraz ez da inposaketa bat, Europako legediak berak behartzen du materia organikoa banatuta biltzera.

Argi dago atez ateko sistema hobeto egokitzen dela Europako Hondakinen Zuzentarauak finkatzen duen hondakinen kudeaketa sistemen arteko hierarkiarekin. Argi dago ere atez ate-ko sistemarekin birziklatu ahal den hondakinen kopurua asko igotzen dela, baina zer gertatzen da hondakinak gutxitzearen helburuarekin?. Birziklajean lortutako emaitza onaz haraindi , hondakinak gutxitzearen aldeko ahaleginean erronka handia du atez ateko sistemak, Katalunian adibidez atez ateko sistema erabilera eta gero batez beste hondakinen % 11,94-ko gutxitea eman izan da.

Errausketa ez da bakarrik hondakinen kopuruaren biderkatzean oinarritzen den plangintza oker bat, herritarren parte hartzea eta udalen autonomia baztertzen dituen sistema teknokratiko bat da. Hau dela eta hondakinak errausten ez dituen edozein sistema onargarria da, ez dituelako ingurugiro arazo berriak sortzen eta baliabideen suntsiketa ekiditzen du. Errauskailu bat eraikitzea erabateko arduragabekeria da gure ustez.

2. Gaikako bilketa intentsiboan dago gakoa

Ekologistak Martxan-ek kontsumoaren gutxitzea eta zaborren kopuruaren gutxitzearen aldekoak gara guztiz, honen ostean berrerabilpena eta birziklajea bultzatu behar direla aldarrikatzen dugu, hau da hondakinen arazoa konpontzeko giltza. Legedia aldatu behar da udalerrietan birziklajea derrigortzeko eta birziklaje kopuruak nabarmen igotzeko. Hau lortzeko ez dugu inongo bilketa sistemarik baztertzen, baina helburua argi egon behar du: gaikako bilketak %80-ra heldu behar du, hau da, Katalunian eta Gipuzkoan gaur egun martxan diren atez ateko sistemek lortzen dituzten emaitzak lortu behar dira.

Edozein bilketa sistema ezartzen den udalerriaren errealitateari egokitu behar zaio eta herritarren partehartzea bultzatu behar da, hau baita martxan jarriko den sistemaren funtzionamendu onaren giltza.

Edozein bilketa sistemak materialak berreskuratzeko bete behar duen lehenengo araua, jatorrizko materialen gaikako banaketa da. Sen onak esaten digu ez dugula gure etxeetan batu behar gero biltegi desberdinetan gaika botatzea eskatzen digutena. Beraz etxeetan egiten den gaikako banaketa abiapuntua da, materialen berreskuratzea ziurtatzen duen hondakinen kudeaketa egoki bat bermatzeko.

Guztiz beharrezkoa da lehen urratsa bezala, hondakin organikoaren bilketa antolatzea, hau baita zaborraren zatirik handiena. Bizkaian esate baterako, 2001-ko RD-ren arabera usteltzeko moduko hondakin organikoa zaborraren %43,86-a da. Zaborraren zati handi hau ez dago zertan suntsitu beharrik, berreskuratu daiteke ongarri bezala, gure herrian koniferen monolaborantza eta azpiegiturak direla eta, higadura haundia pairatzen duen lurra ongarritzeko. Argi dago Bizkaian eta Euskal Herri osoan ere, lurrak materia organikoaren gabezia duela.

Materia organikoa banatuta biltzeko erabakia hartuz, tratatu beharreko zaborra, gaur eguneko zabor guztiaren %56,14-an geratuko litzateke, eta ehuneko horren zati handi bat birziklatu daiteke. Bizkaian zaborraren %33-a birziklatzen da gaur egun, bakarrik konpostatzen da %0,8-a eta berrerabiltzen da %0,4-a (ikusi ondoko koadroa), beraz materia organikoa banatuta biltzea egite hutsarekin errefusa osatzen duen zaborraren zatia % 22,74-an geratuko litzateke, hau da, 140.000 Tm/urteko gutxi gora behera. Hau dela eta, materia organikoa banatuta bilduko balitz, Zabalgarbiko errauskailua erdira gutxitu beharko litzateke (gaur egungo 217.000 toneladetatik), eta ez litzateke beharko zabortegi bat bera ere. Den dena konpostatuko dela pensatzea utopikoa bada ere, bide honetatik abiatu beharra dago, behar diren baliabideak eta bitartekoak ipini behar dira, hauxe politikarien lehentasuna bilakatu beharko litzateke hondakinen gutxitze garrantzitsu bat lortzeko.

Bizkaia 2011 urtea
Tm/urteko %
Materialaren balorizazioa Berrerabilpena
Konpostatzea
Birziklajea
2.074
4.451
194.394
0,4
0,8
33
Balorizazio energetikoa 217406 36,9
Zabortegiak 170482 29
Hiri hondakinak Guztira 588.807

3. Gaikako bilketarik eraginkorrena atez atekoa da

Ezaguna denez, materia organikoaren banaketa ona egin eta ondo egokitutako atez ateko bilketa sistema batek lortzen du eraginkortasunik altuena, %80-ko birziklaje portzentaiak baino altuagokoak lortuz (Antzuolan %92-a birziklatzen da), edukiontzi kolektiboen sistemen aurrean.

Ikus ditzagun zenbait adibide eta datu egoerak alderatzeko:

  • Bizkaian giltzazko BOSGARREN EDUKIONTZIAREKIN, 5 urtetan Bizkaian sortzen den materia organiko guztiaren %4-a konpostatzea nahi dute. Oso helburu apala da, esan beharra dago Usurbilen eztabaida prozesua hasi eta bi urtera %100-a konpostatzea lortu dutela. Atez ateko sistema askoz eraginkorragoa ematen du, Bilboko Udaleko txosten baterako egindako ondoko koadroan ikus dezakegunez. Baina hala ere bosgarren edukiontziarekin Deustun lortutako emaitzak, gipuzkoarrenak baino askoz okerragoak dira, eta bilketaren antolatzaileen utzikeriari baino ezin zaizkio leporatu, hau da Bilboko Udalari edo/eta Bizkaiko Aldundiari.
Tokia (5º Edukiontzia) Biztanleria 2007 Partehartzaileak Bildutako Toneladak
DEUSTU 22.267 2.200 [1] 63 [2]
Amara 26000 5200 330
Aretxabaleta 6.700 1067 65
Azkoitia 11300 2069 137
Azpetia 14300 1288 115
Zarautz 22600 1781 154
Zumaia 9100 1220 80
OSOZ 90.000 12625 881
Usurbil 2010 (Atez Ateko sistema) 5900 5900 981

Bizkaian errauskailuarekin ez da beharrezkoa ez minizaziorik, ez prebentziorik, ezta ordezko tratamendurik, baina hala ere eta itxurak egitearren, Bilboko Deustu auzoan materia organikoa biltzeko saio piloto bat egiten ari dira. Deustuko 22.267 biztanleok batez beste 1,13 kg/pertsoneko eta eguneko sortzen dituzte, hau da 9.184.024 kg, 9.180 tonelada inguru. Hondakin horien %40 materia organikoa bada, Deustun urtero 3.673 tonelada materia organiko sortzen dira, baina kasurik hoberenean bakarrik 63 tonelada materia organiko biltzea aurrikusten da. Hau da, bildu litekenaren % 1,75-a baino ez, huskeri bat. Eta hau horrela da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak ezarritako erizpideen arabera bakarrik bilduko dutelako sukaldatu gabeko materia organikoa, herritarren partehartzea eta konpromisoa asko zailduz.




Visitantes conectados: 303