Gobernuak, Europar Batasunak (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) inposatzen diguten neurri sortak hiritarrak txirotzen ditu, ingurumen krisia sakontzearekin batera.

Esate baterako, 2013ko Estatuko Aurrekontu Nagusiek (EAN) errotik murrizten dute ingurumeneko inbertsioa, baina ondare naturala suntsitzen duten eta horretarako jasanezinak diren gastuei eusten diete:
- Parke Nazionalen babesa eta kudeaketa, 70 milioitik 40 milioira murriztu dute.
- Klima-aldaketa arloko jarduerak 48 milioitan geratu dira, isurpen eskubideak erostera bideratuak, nagusiki.
- Errepide berrien eraikuntzan, 1.084 milioi gastatuko dira alferrik (autobia kilometro gehien dituen herrialdean) eta 0 euro emango zaizkio bide naturalen eraikuntza eta hobekuntzari.
- 3.304 milioi egokitu zaizkio abiadura handiko trenari (Txinaren ondotik, abiadura handiko kilometro gehien dituen bigarren herrialdean), eta 34 milioi, aldiz, aldiriko trenei.
- 13 milioi gorde dira hondartzen elikadura artifizialerako, eta 3 milioi, aldiz, itsasbazter naturalen kudeaketarako.

Kopuru horiek hutsaren hurrengoa dira zor publikoaren interesetara bideratutako 39.772 milioien aldean. Zor horrek kostaldearen suntsipenean izan zuen isla, urbanizazio erraldoien bitartez, zor publiko bihurtu zen bankuei emandako milaka milioitako laguntzen bitartez, eta espekulazio finantzarioaren bazka izan zen, azkenik.

Azken finean, EAN horiek Gobernuak hartutako ingurumenaren aurkako neurrien adibidea baino ez dira, greba orokor deialdirako arrazoi bat gehiago. Garrantzi berbereko beste batzuk ere badira, ordea:
- Kostaldeko Legearen erreforma, horren pribatizazioa dakarrena.
- Energia berriztagarriekiko jazarpen politika, aurreko Gobernuaren jarraipena dena eta azken kapitulua zergen igoeran izan duena.
- Energia nuklearraren babes irmoa.
- Abiadura handiaren eta autobien aldeko apustua, garraiobide iraun ezinezkoen eta kutsagarrienak.
- Automobilaren sektorearen laguntzen jarraipena.
- Alokairuen legearen erreforma abiatzea, etxebizitza jabetzaren alde egiten duena, alokairuaren alde egin beharrean.
- Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) elementu berdeak ezabatzeko saiakera (arrakastatsuak).
- Gobernuaren transgenikoaren aldeko hautu etengabea.
- Erauzketa metodo bortitzenen babesa, hala nola ur sakonetako zulaketak (Kanarietan) eta haustura hidraulikoa (Penintsulako leku askotan).

Ingurune orekatua da bizitza duina bermatzen diguna: elikadura segurtasuna eta elikagai osasungarriak, airearen kalitate ezin hobea, ur edangarria kopuru egokietan… eta hori guztia arriskuan dago egun. Jendarteak hautatu beharreko gauza bakarra erraz laburbil daiteke: «ekologismoa ala krisia».

Horregatik guztiagatik, Ekologistak Martxanek azaroaren 14an, ez kontsumitzea, lanpostu eta denda guztiak hutsik gelditzeko deialdia egiten du eta, aldi berean, kaleak manifestariz eta bizi-piketez betetzekoa.