Gelditasunaren astea

Biziz Bizik, Bilboko Hiri-Txirrindularien Elkarteak, “Autorik gabeko eguna” aprobetxatu nahi du, Mugikortasun Astearen azken ekitaldia izanik, mugikortasun iraunkorraren kontuetan Udalaren gelditasuna salatzeko. Are gehiago, agerian utzi nahi dugu bere konpromiso hutsala mugikortasun eredu horretan ezinbesteko erreminta den bizikleta sustatzeko.

2015eko Udal Hauteskunde-deialdiaren aurretik, Biziz Bizik “Bizikletaren Aldeko Konpromisoa” idatzi zuen. Dokumentu horren 11 puntuetan, Bilboko kaleetan bizikleta bultzatzeko behin betiko oinarriak bildu genituen. Hautagai-zerrenda guztiek sinatu zuten idazkia, EAJk eta PPk izan ezik. PSEren sinadura garrantzi handikoa izan zen, gaur egun alderdi horrena baita Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren ardura, Alfonso Gil zinegotzia buru, eta haiena ere baita mugikortasunaren kudeaketa.

Urte eta erdi pasa da eta hauxe da, berriz, egungo egoera:

  • Konpromisoaren lehendabiziko puntua, Bizikletaren Mahaia sortzea, erabiltzaileen elkarteek mugikortasun politikaren diseinuan parte har dezaten sustatzeko gune gisa, ez da oraindik bete, BIZIZ BIZIk udaleko ateak bitan jo baditu ere.
  • 2013an, Ekologistak Martxan eta Biziz Bizi elkarteek eskatuta, Bilboko Udalbatzak aho batez onartu zuen Bilbo “30km orduko hiria” izateko mozioa. Hiru urte geroago, trafikoaren moteltzea konpondu gabeko arazo larria da oraindik. Aurten, Biziz Bizik bitan egin behar izan du elkarretaratzeko deia udaletxearen aurrean, txirrindulari baten istripua salatzeko. Haietako lehena hil egin zen. Bizikleta zuri bat dago Bilboko erdi-erdian, Javiren oroimenez.
  • Eta hilabete hauetan guztietan, zer egin du Bilboko Udalak?: “Itsasadarreko Eraztun Berdea”ren itxiera, eztabaidagarria eta arriskutsua; edo bizikletak zenbatzeko gailu bat jarri, erabilgarritasun txikikoa eta kostu handikoa; edota Bilbon Bizi bizikletei kolorea aldatu, bizikletak elektrifikatzeko irrikari bidea eman eta zerbitzua kobratzen hasi. Non daude Gil jaunak esandako “trafikoaren aldaketa erradikalak”, “bizikletak galtzadara ateratzea”, “Kopenhage hiri eredugarria”,...?
  • Mugikortasun Astean Udalak bizikleta martxa egin zuen Bilbon, herritarren parte-hartze handiagoa edo txikiagoa izan zuena. Baina benetan esanguratsua izango litzateke jakitea haietako zenbat ausartuko diren galtzadara ateratzen hurrengo egunean, taldearen eta udaltzainen babes barik. Orduan bai hitz egingo genukeela arrakastaz.

Bilboko Udala 2016-2020 Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren erredakzioan eta Hiri Antolaketarako Plan Orokorrean berrikusteko prozesuan murgilduta dago. Arautegi bi hauek markatuko dute denbora luzean, beste gai askoren artean, Bilborako nahi dugun mugikortasun eredua.

Biziz Bizik parte hartu nahi du haien diseinuan. Txirrindularien mugikortasunean, hiri-txirrindulari potentzialen segurtasun pertzepzioa hobetzea da ezinbesteko aurre baldintza bizikletaren erabilpena sustatze aldera. Hots, bizikletarako bide sarearen diseinu egokiak eta txirrindularientzat, ibilgailu pribatu nahiz garraio publikoa erabiltzen dutenentzat edota oinezkoentzako informazio kanpainak martxan jartzeak, besteak beste, baldintzatuko dute datozen Mugikortasun Asteei buruzko komunikatu honen tonua bestelakoa izatea.




Visitantes conectados: 356