Ekologistak Martxan Gipuzkoa Elkartetik, Aiako Harriko Parke Naturaleko Bianditz mendian ekaitzen bilakaera eta tximisten jarraipena ahalbidetuko duen antena jartzearen aurka agertu nahi dugu. Lanak duela aste batzuk hasi ziren inongo baimenik izan gabe. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak erakutsiko jarrera gogor salatu nahi dugu, beraiek sustatzaileak izanik, ez baitute Legez ezarritako prozedura bete. Obra aurretiko derrigorrezko izapideak kontuan hartu gabe, lanari ekin zioten. Administrazioak berak dagoen legedia aintzat ez hartzea larria iruditzen zaigu oso.

Une honetan Proiektua Ingurumen gaineko Inpaktuen Deklarazioaren zain dago. Positiboa izatekotan soilik, baimenak eskatu ahal izango dira eta orduan Gipuzkoako Foru Aldundia zein Oiartzungo Udalaren esku ematea ala ez. Derrigorrean bete behar diren izapideak burutu gabe lanean hastea ez dugu ezertarako bidezkoa jotzen. Argindar-dorreak jarri, luebakia ireki eta kablea sartu egin da, argazkietan ikus daitekeen legez. Den-dena dagozkion baimenak eskuratu aurretik. Are gehiago Naturgune Babestuan egin behar denean, kokapena Aiako Harriko Parke Naturala eta Europako Batasun mailako Garrantzia duen eremuan baitago. Bertan gainera LIFE programa bat garatzen ari da.

Ez dugu zalantzan jarriko Euskalmet Eusko Jaurlaritzarekin batera abian jarri nahi duen ekaitzen detekzio-sistemaren onurak eta dagoen beharra, baina ez gaude ezertarako ados hataturiko kokapenarekin eta gaitzesten ditugu erabilitako formak. Inpaktuen Deklarazioa “negatiboa” izatea espero badugu ere, sustatzaileei kokapena aldatzea eta Bianditzen kalteturiko eremua leheneratzea eskatu nahi diegu. Eta garrantzitsuena, ardura norena izan den eta dagokionari kargu hartzea, horrelakorik berriro ez gertatzeko, eskatzen dugu. Administrazioak berak eredu izan behar du, indarrean dagoen legea eta ezarrita dauden prozedurak betez.