Afrikan bildu dira aurten munduko gobernuak aldaketa
klimatikoaren politikak
adosteko. Duela ia 25 urte berton Nairobin (Kenya) Brundtland izeneko batzordeak garapena eta ingurugiroaren izenean
politika berriak diseinatzeko enkargua hartu zuen eta “garapen iraunkorraren” bataio ofiziala eman zuten. 2006an fruituak apalagoak izan dira eta 2012tik haratago (35 herrialde industrializatuenek CO2ko isurketak %5,2an jaitsi behar dute 1990ak erreferentzia izanik) hartu behar diren konpromisoak airean gelditu dira, data, kopuru eta akordio
zehatzik gabe.

Aldaketa klimatikoaren eraginak bistakoak
dira, Cambridgeko N.Stern-ek, Blairen aholkulariak egindako txostenaren arabera, kalte ekonomikoak
II. Mundu Gerrakoekin konpara daitezke, baina herrialde aberastuen gobernariek bestalde begira jarraitzen dute lehengo fitxa ea nork mugitzen duen. Inork ez du hazkunde ekonomikoa kolokan ipini nahi eta duela hamarkada bat baino
luzaroagotik predikatzen duten hazkunde ekonomikoa eta galera ekologikoen arteko banaketa ez dator.
Aitzitik CO2ko isurketak BPGren gainetik hasi dira, Espainian edo EAEn kasu.

Eta hazkunde horrek Afrika eta beste
herrialde pobretuekiko Zor Ekologikoa
handitzen du. Eguratsa guztiona
bada, ezin dugu erabili gurea bakarrik balitz bezala eta hortik zor ekologiko erraldoi bat sortzen zaigu.
Karbonoaren isurketengatik eta baita ere biopirateria, hots, herri indigena eta nekazal komunitateen ezagutza genetiko eta medikuntza erremedio tradizionaletatik egiten ari den desjabetze eta pribatizatzeagatik,
edota gure jarduera ekonomikoekin
euren ekosistemetan uzten
ditugun kalte ekologikoengatik eta azkenik gure hondakin toxiko eta arriskutsuen esportazioagatik. Lau zutabe nagusi hauek sartzen dira gaur egun zor ekologikoaren baitan eta kalkulu arrunt eta bataz besteko prezioak erabiliz, urtero pilatutako
3.000 milioi tona CO2 bider
20 dolar, urteko 60 mila milioi $ zor diegu herrialde txirotuei atmosferaren
gehiegizko erabilpenagatik. Kanpo zorra baino askoz gehiago.

Hori ez da hain erraz kitatzen, eta ondo baderitzogu Eusko Jaurlaritza Wangari Mathai Kenyako Nobel Sariaren
Fundazioari 36.000 zuhaitzen landaketarekin lagundu nahi izatea, hori ezin da erabili Gasteizko gobernuaren
ardura gutxiagotzeko. Ez da zilegia. Euskal Y-ren propaganda ofizialean iruzurra egiten den moduan,
egunean errepidetatik 1000 kamioi aterako dituztela diotenean. Jadanik 11.000 dabiltza eta euren kalkuluen arabera obrak bukatu baino lehen 16.000 izango baitira. Non dago isurketen murrizketa?

Hazkundearen fetitxeak garraioan du bere ikur nabarmena. Aldaketa klimatikoari erantzuna emateko trafikoa
baretu behar dugu eta horrek garapen ekonomikoaren apaltasuna
badakar, agian erantzuna birbanaketa
egokiago batean legoke. Hori bai, seguru nago pertsona eta merkantzien garraio gutxiagoarekin gehienon bizitza kalitatea hobetuko lukeela. Ez al da hori bilatzen den “garapen iraunkorra”?

Iñaki Barcena, Ekologistak Martxan Bizkaia